Gastronomia balio-kate gisa
Euskal gastronomiaren bertuteetako bat lehengaien kalitatea zaintzea izan da, baita ekoizleen eta sukaldarien arteko balio-katea bertatik bertara ezagutzea ere. Ederki zekiten hori gure sutegien artean iraultza eragin zuten lehendabiziko sukaldari haiek. Hala, sektoreko beste eragile batzuen inplikazioa bilatuta, Euskal Sukaldaritza Berria izenez ezagutzen dugunaren oinarriak ipini zituzten.
Ameslari haien lanari eta eginahalari esker, gaur esan dezakegu euskal sukaldaritzak egitura-sare sendoa osatu duela prozesu honetan inplikatutako sektore guztien artean, eta egundoko balio-katea garatu duela, ekoizleak, nekazariak eta arrantzaleak, elikagaien eta turismoaren industriak, ikerketa eta berrikuntza, unibertsitatea eta are kulturaren mundua uztartuta.
Gastronomia aukera-eremu zabala da, ekarpen handia egiten baitio enpleguari, hazkunde ekonomikoari eta jakintzan oinarritutako ekonomia garatzeari. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak elikaduraren aldeko apustua egin du sektore estrategiko gisa, “2020ko Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoan (PDF)” ageri den moduan.
Plan horren helburua zera da, gure herriko elikadura eta gastronomia segurua, osasungarria, berezia eta jasangarria izatea. Planak diziplina bat baino gehiago jorratzen dituenez, Eusko Jaurlaritzaren hainbat sail eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak daude inplikaturik.